Europako Batzordeak araudi berri bat argitaratu zuen abuztuaren 18an. Horren bidez, berriz baimentzen da txerrien animalia-proteina prozesatuak (APPak) erabiltzea kortako hegaztientzako pentsuetan, hegaztien APPak txerrientzako pentsuetan, intsektuen APPak txerrientzako eta kortako hegaztientzako pentsuetan, eta hausnarkarien gelatinak hausnarkariak ez diren animalientzako pentsuetan.

2021/1372 (EB) Araudia 2021eko irailaren 6an jarriko da indarrean, eta EBn 4 urtez baino gehiagoz egindako eztabaida baten ondorio da. Horixe da, hain zuzen ere, animalia-jatorriko proteinak pentsuetan erabiltzeko debekua bertan behera uzteko urrats berriena; izan ere, 2013an, berriz baimendu zen txerrien eta hegaztien APPak erabiltzea arrainentzako pentsuetan, eta 2017an, berriz, intsektuen APPak arrainentzako pentsuetan.

 

Araudi berri horrek aintzat hartu du EFSAren arriskuen ebaluazioa eta bermatu egiten du segurutzat jotzen diren materialak baino ez direla erabiliko elikagaietarako animalien ekoizpenean.

 

Proteina horien ekoizpen-, garraio- eta erabilera-baldintza berrien artean daude, batetik, hausnarkarien APPek (oraindik ere erabat debekatuta dago horiek elikagaietarako animalientzako pentsuetan erabiltzea) elikakatean eragin dezaketen kutsadura gurutzatua ekiditeko instalazioak espezieen arabera fisikoki bereizteko betebeharra, eta, bestetik, “kanibalismoaren debekua” betetzea (hau da, txerrientzako pentsuak txerrien APPekin kutsatzea, hegaztientzako pentsuak hegaztien APPekin kutsatzea… ekiditea). Horrez gain, operadoreek zein agintariek PCR analisi-metodoetan oinarritutako kontrolak egingo dituzte.

 

EBren ustez, pentsuetan animalia-jatorriko proteinak erabiltzeko debekua bertan behera uzteko urratsa berri hori koherentea da bioekonomia zirkularragoa lortzekoa eta hondakinen sorrera murrizteko xedearekin.