EFSAk, Europako Batzordeak hala eskatuta, txosten zientifiko bat egin du pentsu eta elikagaietako azido eruzikoak animalien eta gizakion osasunerako dakartzan arriskuei buruz.

Azido eruzikoa zis-13-dokosenoiko izeneko gantz-azidoaren izen arrunta da. Azido eruzikoaren kontzentrazio handiak aurki daitezke, nagusiki, Brassicaceae espezieen hazietan: koltza-haziak, ziape-haziak eta beste zenbait landare-laboreren haziak (aza eta arbia, esaterako). Koltza- eta ziape-hazien aldagai naturalek azido eruziko asko dute (normalean, guztizko gantz-azidoen % 40); alabaina, 1970etik merkaturatzeko garatutako koltza-laboreek azido eruziko gutxi dute (% 0,5 baino gutxiago).

Bestalde, oraindik ere landatzen da azido eruziko askoko koltza (HEAR), industria olio-kimikoen beharrizanei erantzuteko, baina ez da elikagaietan erabiltzen. Aipatu behar da, halaber, azido eruzikoaren kopuru txikia aurki daitekeela beste elikadura-iturri batzuetan ere; esaterako, arrainetan.

Azido eruzikoaren aurreko esposizioa gizakietan

EFSAk eginiko ebaluazioan erabilitako datuen arabera, pertsona gehienen dietan, azido eruzikoaren esposizio handieneko elikagaien multzoa “okintza fineko produktu” deiturikoena litzateke. Haurren kasuan, jaioberrientzako eta haurtxoentzako elikagaiak dira esposizio handiena dakartenak.

Azido honen ondorio toxikoek bihotzari eragiten diote nagusiki. Azterlanaren arabera, miokardioko lipidosia da azido eruzikoaren aurreko esposizio kronikoak ekar dezakeen ondorio larriena. Ondorio hori sendagarria eta iragankorra da luzaroko esposizioetan. Azido eruzikoaren eguneko ingesta toleragarri (TDI) hau ezarri da: egunean 7 mg gorputz-pisuaren kiloko. Aztertutako datuen arabera, biztanleria talde desberdinen batez besteko esposizio kronikoak ez luke ezarritako TDIa gaindituko. 95 pertzentilaren esposizio dietetikoa altuagoa izan zen bularreko eta gainerako haurretan: 1,3 eta 7,4 mg artean beren gorputz pisuaren kiloko eta eguneko, TDIaren maila altuenetara iritsiz. Horrenbestez, azido eruzikoaren aurreko esposizio handia duten gazteak arriskuan egon daitezke.

Azido eruzikoaren aurreko esposizioa animalietan

Txerrietan, ez da oso ohikoa azido eruzikoaren mailek osasun-arazoak ekartzea. Alabaina, eskortako hegaztien kasuan, marjina txikia dago behatutako ondorio kaltegarrien maila baxuenaren (LOAEL) eta zenbatetsitako esposizioaren artean; horrek esan nahi du hegaztien osasuna arriskuan jar daitekeela gehieneko inklusio-tasak aplikatzen direnean. Datu egokirik ez zegoenez, ezin izan ziren aztertu azido eruzikoak hausnarkari, zaldi, arrain eta untxientzat dakartzan arriskuak.

EFSAren txostena – Azido eruzikoa elikagai eta pentsuetan