EFSAk, Europako Batzordeak eskatuta, irizpen zientifiko bat argitaratu du pentsuetan dauden fumonisinek eta horien forma aldatu eta ezkutukoek animalien osasunarentzat duten arriskuari buruz.

Fumonisinak mikotoxinak dira, nagusiki Fusarium verticillioides eta Fusarium proliferatum onddoek sortuak. Zerealetan sortzen dira batik bat, bereziki artoan.

B1 fumonisina (FB1), FB2 eta FB3 dira pentsuetako fumonisina ohikoenak, eta, horrenbestez, EFSAko adituen taldeak eginiko ebaluazioan sartu dira. FB1, FB2 eta FB3 fumonisinek ekiteko modu bera dute, eta profil toxikologiko antzekoa dutela uste da.

Elikakateko kutsatzaileei buruzko EFSAko adituen taldeak (CONTAM) honako ondorio hauek azpimarratu ditu:

  • Ondorio kaltegarririk ez dakarren maila (NOAEL) identifikatu da behientzat, txerrientzat, eskortako hegaztientzat (oilaskoak, ahateak eta indioilarrak) eta zaldientzat.
  • Ondorio kaltegarrien maila baxuena (LOAEL) identifikatu da arrainentzat (karpatik estrapolatuak) eta untxientzat.
  • Ezin izan da erreferentzia-punturik identifikatu ardientzat, ahuntzentzat, txakurrentzat, katuentzat eta bisoientzat.
  • Elikagaien bidezko esposizioa ikusi zen 18.140 laginetan, FB1-3 fumonisinei dagokienez. Lagin horiek ordezkatzen dituzte fumonisinak izan ditzaketen elikadura-produktu ia guztiak.
  • Laginak 2003tik 2016ra bitartean jaso ziren Europako 19 herrialdetan, baina gehienak lau estatu kidetakoak dira.
  • Ezkutuko fumonisinen formek izan dezaketen agerpena kontuan hartzeko, 1,6ko faktore gehigarri bat aplikatu zitzaien agerpen-datuei, literatura zientifikotik eratorria.
  • Fumonisinen forma aldatuentzat ez zen daturik identifikatu agerpenei eta toxikotasunari dagokienez; hortaz, ez ziren sartu ebaluazioan.
  • Batez besteko esposizioaren kalkuluak oinarri hartuta, FB1-3 duten elikagaiek ondorio kaltegarriak izateko arriskua oso txikia da hausnarkarientzat, txikia da eskortako hegaztientzat, zaldientzat, untxientzat eta arrainentzat, eta kezkagarria izan daiteke txerrientzat.
  • Ondorio berak aplikatzen zaizkie FB1-3ren baturari eta fumonisinen ezkutuko formei, txerrien kasuan izan ezik, horien osasunean ondorio kaltegarriak izateko arriskua kezkagarritzat jo baitzen.