Europako Batzordeak egindako eskaeraren harira, EFSAko adituen panelak (CONTAM) aztertu egin zuen gizakien eta animalien osasunean zer-nolako arriskua eragin dezaketen elikagai eta pentsuetako deoxinibalenolak (DON), alde batetik, eta haren forma azetilatu eta aldatuek (3-azetil-DON (3-Ac-DON), 15-azetil-DON (15-Ac- DON) eta DON -3-glukosidoa), bestetik.

Horretarako, aditu taldeak 2007 eta 2014 artean bildutako 27.537, 13.892, 7.270 eta 2.266 datu analitiko erabili zituen, hurrenez hurren, prozesatu gabeko elikagai, pentsu eta aleetako DON, 3-Ac-DON, 15-Ac-DON eta DON-3-glukosidoa toxinetarako.

DON mikotoxina batik bat Fusarium onddoek ekoizten dute, eta nagusiki labore-aleetan sor daiteke. DON bizkor-bizkor xurgatu, banatu eta iraizten da.

Hauek dira azterlanaren ondorio nagusiak:

  • Gizakien esposizioaren iturri nagusiak laboreak eta laboreekin egindako produktuak izan ziren.
  • Abeltegietako animalietan eta maskotetan, laboreen aleek, laboreen azpiproduktuek eta bazka-artoak zuten eragin handiena.
  • Kontuan hartuta 3-Ac-DON eta 15-Ac-DON mikotoxina gehienak desazetilatuta daudela eta DON-3-glukosidoa hesteetan desegiten dela, uste izatekoa da DONaren efektu toxiko berberak eragin ditzaketela.
  • DON toxinari dagokionez, eguneko ingesta onargarria (EIO) gorputz-pisuaren kiloko 1 μg-an ezarri zen, saguetan gorputz-pisuaren gorakada murrizten zela ikusita. Horrenbestez, eguneko ingesta onargarri hori taldeko EIO gisa erabili zen DON, 3-Ac-DON, 15-Ac-DON eta DON-3-glukosidoa mikotoxinen baturarako.
  • Toxinok giza osasunean nolako arrisku akutua zuten aztertze aldera, mikotoxinen datu epidemiologikoak ikertu ziren eta ingesta bakoitzeko taldeko erreferentzia-dosi akutua kalkulatu zen: gorputz-pisuaren kiloko 8 μg. Elikagai bidezko esposizio akutuen kalkuluak dosi horretatik beherakoak izan ziren, eta ez zuten osasun-arazorik planteatu gizakiengan.
  • Kalkulaturiko batez besteko esposizio kronikoa taldeko EIO baino handiagoa izan zen bularreko haurretan, haurretan eta beste haur batzuetan, eta esposizioa handia izan zen nerabe eta helduetan ere. Beraz, baliteke osasunerako arriskua eragitea.
  • Hausnarkarien, eskortako hegaztien, untxien, txakurren, katuen, hazitako arrain-espezie gehienen eta zaldien dietaren batez besteko kontzentrazioei dagokienez, ez da ondorio kaltegarririk espero.
  • Kontzentrazio handiak dituzten elikagaietan, ondorio kaltegarri kronikoak eragiteko arriskua dago txerrietan eta arrainetan, eta ondorio kaltegarri akutuak eragitekoa katuetan eta bisoietan.

EFSAren ebaluazioa: Elikagai eta pentsuetako DONaren arriskuak