Joan den apirilaren 25ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 62/2019 Dekretua, apirilaren 9koa, Animalien elikaduraren sektorearen erregistroari eta kontrol ofizialari buruzkoa.

 

Honako hauek dira dekretuaren xedeak:

  • Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Euskadiko Erregistroa sortzea.
  • Araubide bat ezartzea, animalien elikaduraren sektoreko Euskadiko establezimenduak Erregistroan inskribatzeko eta, hala behar bada, egiten dituzten jarduerak baimentzeko.
  • Animalien elikaduraren Euskadiko esparruan kontrol ofizialen antolaketa ezartzea.

 

Araudi berri horrek indargabetu egiten du aurreko 90/2005 DEKRETUA, apirilaren 12koa, Animalien elikaduran kontrol ofizialak eta arriskuak prebenitzea antolatzeko dena. Halaber, partzialki indargabetzen du 156/2001 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan albaitari sendagaiak banatzen eta saltzen dituzten tokiak zabaltzeko, pentsu sendagarriak banatzeko eta ekoizteko eta albaitariek erabiliko dituzten autotxertoak egiteko, baimena ematen duena eta jarduera horiek guztiak kontrolatzen dituena.

 

Elikaduraren sektoreko jarduera asko hazi da azken urteetan, bai enpresa-ikuspuntutik eta bai produktu berrien ikerketa eta garapenaren ikuspuntutik ere. Hazkunde hori ekonomia zirkularreko produktu berriak azaldu direlako gertatu da neurri handi batean, bai eta animalien elikaduraren sektorekoak ez diren beste sektore batzuetako eragileak inplikatu direlako ere.

 

 Horrek guztiak ekarri du produktu horien segurtasunari eta sektorean jarduten duten enpresei eskatu beharreko betekizunei buruzko arauak garatzeko beharra.

 

Sektore honek elikagaien segurtasunean duen eragin zuzenarengatik, hainbat administrazio-jarduketa biltzen dira bertan; besteak beste, animalien elikaduraren sektoreko establezimenduen erregistro, baimentze eta kontrol ofiziala eta animaliak elikatzeko erabiltzen diren produktuen kalitate, etiketatze eta segurtasunaren kontrol ofiziala.