Txostena: Kataluniako SANDACHen inguruko kontrolak 15/07/30
Kataluniako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak (ACSA) txosten bat argitaratu du Katalunian 2013an SANDACHen harira egin ziren zaintza- eta kontrol-ekintzak azaltzeko. Txosten horretan, bestalde, hala Europar Batasuneko nola estatuko eta erkidegoetako araudian eta lan-ildoetan izan diren aldaketak ere jasotzen dira.
Dokumentu hori “Gizakien kontsumorako ez diren animalien azpi-produktuen (SANDACH) zaintza eta kontrola” bildumako seigarren zenbakia da. Bilduma horren egileak Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumena Saila (DAAM), Hondakinen Kataluniako Agentzia (ARC) eta Kataluniako Osasun Publikoko Agentzia (ASPCAT) dira; koordinatzailea, berriz, Kataluniako Elikagaien Segurtasunerako Agentzia (ACSA) da.
Gizakien kontsumorako ez diren animalien azpi-produktuak (SANDACH) honako hauek dira: osasun- nahiz merkataritza-arrazoiak direla medio gizakien kontsumorako erabiltzen ez diren animalien gorputz osoak edo zatiak, animalia-jatorria duten produktuak edo animalietatik eratorritako beste edozein produktu.
SANDACH produktuak elikadura-kate osoan sortzen dira: abeltzaintzako ustiategietan, hiltegietan eta animalia-jatorria duten produktuak ekoizten eta banatzen dituzten beste enpresa batzuetan, elikagai-denda txikietan, zooetan… Produktu horiek txarto kudeatuz gero, arriskuan jar daitezke osasun publikoa, animalien osasuna eta ingurumena.
SANDACHak zainduz eta kontrolatuz berma daiteke produktu horiek ez direla elikadura-katean sartzen, tratamendu egokia jasotzen dutela eta behar bezala biltzen, garraiatzen, gordetzen, manipulatzen, eraldatzen, erabiltzen eta suntsitzen direla, baita gizakien eta animalien osasuna arriskuan jarri gabe merkaturatzen direla ere.
Gainera, trazabilitatea kate osoan mantenduko dela ziurtatzen da, ekoizten direnetik suntsitzen edo saltzen diren arte.