Pentsuetarako lehengaien katalogoaren azken berrikuspena, Batzordearen 68/2013(EB) Erregelamenduaren arabera, 2017an argitaratu zen. Harrezkero, animalien elikaduraren sektoreko Europako enpresen ordezkariek katalogo horren aldaketak egin dituzte, beste alde interesdun batzuk kontsultatu ondoren, agintari nazional eskudunekin lankidetzan. Horretarako, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak igorritako irizpenen ondoriozko esperientzia eta aurrerapen zientifiko edo teknologikoak izan dituzte kontuan.

Aldaketa horiek xedapen orokorren azalpenak, pentsuetarako lehengaiei eta tratamendu-prozesuei buruz eginiko sarrera berriak eta egungo sarreren egokitzapenak dira. Zehazki, xedapen espezifikoak ezarri behar dira deskribapenari, ezpurutasun kimikoen gehieneko edukiari eta nahitaez aitorpenei buruzko jarraibideei buruz.

 

Esate baterako, eguneratze berri horretan, eta bioekonomiaren, elikaduraren edo bioerregaien sektoretik datozen pentsuetarako lehengai jakin batzuen aprobetxamendua sustatzeko asmoz, orain arte «azpiproduktu» izeneko materiei «koproduktu» deituko zaie, lehenengo izenak konnotazio negatiboak baititu. Alabaina, izendapen berri hori ez zaie aplikatuko giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuei (SANDACH).

 

Katalogoaren berrikuspen horretan, halaber, gehigarri jakin batzuen erabilera- eta erregistro-egoera argitzen da, hala nola hauena: sodio zitratoa, potasio zitratoa, sorbitola, manitola eta kaltzio hidroxidoa. Gehigarri horiek katalogoan jasota zeuden, eta, bestalde, merkatutik kendu behar ziren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1831/2003(EB) Erregelamenduaren 10. artikuluko 5. apartatuarekin bat.  Aldaketak ezartzen du produktu horiek pentsuetarako lehengaien katalogotik kentzearekin batera antzeko behin-behineko aldia ezarri behar dela horiek pentsuetarako lehengai gisa merkaturatu eta erabiltzeko.