T-2 eta HT-2 toxinak: hausnarkarietan duten eraginaren ebaluazioa
EFSAren Elikakateko Kutsatzaileen Batzorde Teknikoak (CONTAM) 2011n zientzia-irizpen bat eman zuen elikagaietako eta pentsuetako T-2 eta HT-2 toxinek animalien osasunerako dituzten arriskuei buruz. Behatu gabeko kontrako efektuen mailak (NOAEL) eta behatutako kontrako efektuen maila baxuagoak (LOAEL) ezarri ziren zenbait animalia-espezierentzat.
Txahalekin eta arkumeekin egindako azterketetan oinarrituta, hausnarkarientzat T2 eta TH2ren baturarako honako LOAEL hau ezarri zen: 0,3 mg/gorputz-pisuaren kg/egun. COMTAM adituen taldeak adierazi zuen nutrizio arazoak zituzten zekor eta ardietan antzemandako efektuak direla eta, suposa daiteke T2ren desintoxikazio erruminala agian ez dela erabatekoa eta, ondorioz, ez dela eraginkorra hausnarkarien kontrako efektuak prebenitzeko. Hala ere, hausnarkari helduen artean T2ren efektuei buruzko datu gutxi daudenez, ezin izan zen ondoriorik atera.
Europako Batzordeak EFSAri eskatu zion azter zezala hausnarkarien artean T2aren eta HT2aren toxikotasunari buruzko informazioa, eta, beharrezkoa balitz, azter zezala ezarritako erreferentzia-puntua (EP). Ardientzako eta behientzako kontrako efektuen mailak (0,001 eta 0,01 mg T2/gorputz-pisuaren kg/egun, hurrenez hurren) pentsuetako T2ren kontzentrazioetatik (ardientzako 0,035 mg T2/gorputz-pisuaren kg eta behientzako 0,6 mg T2/gorputz-pisuaren kg) zenbatetsitako azterlan batzuetan oinarrituta ezarri ziren. Animalien osasunean kontrako efektuen honako EP hauek ezarri ziren: ardientzat 0,01 mg/elikagai kg eta behientzat 0,2 mg/elikagai kg. Ahuntzen kasuan, behientzako EP hautatu zen, ez baitago sentikorragoak direla erakusten duen daturik. Batez besteko esposizioari buruz aurreko irizpenean egindako zenbatespen horietan oinarrituta, T2 eta HT2 dituzten pentsuen kontrako efektuen arriskua kezkagarritzat jo zen bularreko ardientzat. Esne-ahuntzei dagokienez, dietaren bidezko esposizioaren eta behientzat eratorritako EParen artean egindako konparazioak adierazten du kontrako efektuen arriskua egon daitekeela osasunarentzat. Esnetarako behien eta gizentzeko behien kasuan, arriskua txikitzat jotzen da.