Arrisku-ebaluazioa: nikelaren presentzia animalien elikaduran – EFSA 2015
EFSAko Elikakateko Kutsatzaileen Panelak ebaluatu egin ditu animalien elikaduran nikela egotearen arriskuak, hala animalien osasunean eta ingurumenean nola giza osasunean.
Animalien osasuna
Panelak zenbatetsi egin ditu nikelaren aurreko esposizio mailak, honako animalia hauentzat, elikaduraren bidez: behiak, txerriak, untxiak, ahateak, arrainak, txakurrak, oiloak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta katuak. Zenbatespen horiek atzeman gabeko ondorio kaltegarrien mailekin (NOAEL) eta atzemandako ondorio kaltegarrien maila txikienekin (LOAEL) alderatu ondoren, EFSAko Panelak ondorioztatu zuen aztertutako animalia guztien artean aukera gutxi dagoela nikelak ondorio kaltegarriak izateko, elikaduraren bidez transmititu bada.
Ingurumena
Panelak halaber ondorioztatzen du simaurraren bidez ingurumenera askatutako nikelak (animalien elikaduran egotearen ondorioz) ez duela ekarpen garrantzitsurik egiten ez ingurumenari, ez nekazaritza-lurrei dagokienez.
Giza osasuna
Elikagaien nikelaren presentziaren ondorioz giza osasunerako egindako arrisku-ebaluazioan, animalia-jatorriko elikagaiak bakarrik erabilita, EFSAko Panelak ondorioztatu zuen gaur egun nikelaren aurreko esposizio kronikoa kezka-iturri izan daitekeela biztanleria gazteenarentzat; bereziki, haurrentzat.
Elikadura-esposizio larriari dagokionez, Panelak ondorioztatu zuen nikelaren aurrean minbera diren pertsonek azalean ondorioak pairatzeko arriskua dutela, animalia-jatorriko elikagaiak hartzen badituzte.
Ondorio gisa, Panelak adierazi du ez dela gutxietsi behar gizakiek nikelaren aurrean animalia-jatorriko produktuen bidez duten elikadura-esposizioa, batez ere metal horren aurreko esposizioa handia den adinetan.